Bonbardaketa Berantiar Handia

Irudikapen artistiko honetan Ilargia ageri da, Bonbardaketa Berantiar Handia gertatu zenean izan zezakeen itxurarekin (goian) eta gaur egungoarekin (behean).

Bonbardaketa Berantiar Handia (BBH, edo ingelesez LHB), Ilargiko kataklismoa bezala ere ezaguna, ustez, duela 4.100 milioi urte hasi eta duela 3.800 milioi urte amaitutako gertaera bat izan zen,[1] hau da, Lur planeta Eoi Hadearrean eta Arkearrean zegoen bitartean edo Ilargia Periodo Aurrenektariar, Nektariar eta Imbriarrean zegoen bitartean jazo zen. Denbora-tarte honetan zehar asteroideen kopuru handi batek barnealdeko eguzki-sistemako harrizko planeten kontra talka egin zuen (Merkurio, Artizarra, Lurra eta Marte).[2] 2018tik aurrera, Bonbardaketa Berantiar Handiaren hipotesia zalantzan jarri da.[3] Bonbardaketa Berantiar Handia Lurra eta beste planeta harritsuak sortu ondoren gertatu zen, hauek euren masaren gehiengoa akrezio bidez eskuratuta zutenean, baina Lurraren historian goiz samar.

Bonbardaketa Berantiar Handiaren hipotesia Apollo misioko astronautei esker jaio zen, izan ere, haiek ekarri zituzten Ilargiko laginak aztertuz sortu ziren teoria honen lehen oinarriak. Lagin haiei egin zitzaien isotopo-datazioaren arabera, talken bidez gertaturiko urtze-prozesu gehienak denbora-tarte labur batean zehar jazo ziren. Talken bat-bateko ugaritasun hori azaltzen saiatzen diren teoriak badira, alabaina, gaur arte ez da adostasunik lortu. Nizako ereduak, planetologiako adituen artean indar handia duenak, eguzki-sistemako planeta erraldoiek orbita-migrazio bat pairatu zutela dio, eta migrazio hori gauzatzen zeudela topatu zituzten gorputz txikiak (asteroideak, kometak, etab.) desbideratu egin zituztela.

Desbideratze horren ondorioz, gorputz txiki horien orbita eszentrikoagoa bihurtu eta barnealdeko eguzki-sistemara hurbildu ziren, bertako planeten aurka talka egiteraino. Iritzi kontrajarriak ez dira gutxi, beste zientzialari talde batek adibidez, ez du uste Ilargitik jaso ziren laginen antzeko sortze-data azaltzeko halako gertaerarik behar denik, jaso ziren lagin guztiak une jakin batean sortu zen arro erraldoi batekoak direla esaten baitute.[1] Talka kraterren kopurua barnealdeko eta kanpoaldeko eguzki-sisteman desberdina izan daitekeela uste da eta gainera, desberdintasun hau nabaria izan daitekeela.[4]

  1. a b «PSRD: Wandering Gas Giants and Lunar Bombardment» www.psrd.hawaii.edu (Noiz kontsultatua: 2019-06-22).
  2. (Ingelesez) Claeys, Philippe; Morbidelli, Alessandro. (2011). Gargaud, Muriel ed. «Late Heavy Bombardment» Encyclopedia of Astrobiology (Springer Berlin Heidelberg): 909–912.  doi:10.1007/978-3-642-11274-4_869.. ISBN 9783642112713. (Noiz kontsultatua: 2019-06-22).
  3. (Ingelesez) Mann, Adam. (2018-01-24). «Bashing holes in the tale of Earth’s troubled youth» Nature 553: 393.  doi:10.1038/d41586-018-01074-6. (Noiz kontsultatua: 2019-06-22).
  4. (Ingelesez) Zahnle, Kevin; Schenk, Paul; Levison, Harold; Dones, Luke. (2003-6). «Cratering rates in the outer Solar System» Icarus 163 (2): 263–289.  doi:10.1016/S0019-1035(03)00048-4. (Noiz kontsultatua: 2019-06-22).

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search